Zugarramurdiko sorginkeria prozesua

Zugarramurdiko sorginkeria prozesua 1610. urtean Nafarroa Garaiko Zugarramurdin egindako sorgin-ehiza da.[1] Julio Caro Barojaren ustez,[2] Euskal Herriko sorginkeria ezaguna bada, prozesu honek bere garaian izan zuen ospearengatik da, garai hartako Europako sorginkeria prozesu garrantzitsuenetakoa izan baitzen.

Gertakari hartan, Espainiako Inkisizioak Zugarramurdiko eta haraneko 300 inguru herritarri sorginkeria egitea egotzi zien, horietako 40 Logroñora atxilotuta eraman zituen, eta haietatik 11 sutan errez hil zituzten (haietariko 5 jada espetxean hil ziren, eta haien irudiak erre zituzten).[3] Espainiako Inkisizioaren ustez, Zugarramurdiko leizeetan akelarreak ospatu ohi ziren. Horregatik, geroago leize horiei Deabruaren katedrala deitu izan zitzaien.

Sorgin pertsekuzio hau, "jazarpen handia" ere deitua, Nafarroan 1525ean hasita gertatutako laugarrena eta azkena izan zen. Histeria kolektiboko giro honen gehiegikeriak aztarna sakona utzi zuen herrian; bestalde, Inkisizioak aldatu egin zuen sorginkeria kasuei buruz zuen jokatzeko era, 1613an eta 1614an Alonso Salazar Frías Inkisizioko epaileak ondu eta aurkeztutako txostenari lotuz; bertan, baztertu egin zuen sorginen inguruko ordu arteko narrazioa.

  1. «Zugarramurdi, sorginen herria», Berria, 2006ko azaroaren 25a.
  2. (Gaztelaniaz) Julio Caro Baroja (1961): Las brujas y su mundo.
  3. «Zugarramurdiko sorgin leizea»

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search